Saltatu arakatzailea

Argitalpenak

Quito‘n arrebarekin irakurriz

Egileak:

    P.Iztueta Armendariz

Deskatalogatua

Publikazio hau azpiko bildumaren tomo bat da:

Fondo historikoa

Hitzaurrea

Izango da gure euskal baratzan, desgaraian natorrelako edo, aitzurra altxa eta mehatxuka ez bada lotsagabekerian ekingo didan bat edo beste. Izan ere...! Norekin agertuko plazara, eta Orixerekin! Eta honen zein obrarekin, eta Quito'n arrebarekin lan mistikoarekin! Noiz agertuko, eta orain, euskal gizartea arin-aringa, erraldoiaren oinkaden antzera, sekulartuz doan une honetan.

Gai erlijiosoa ez dago modan, esango da. Gutxiago oraindik, Orixeren kasua den bezala, autore integrista baten pentsamendua. Hala ere, oso jakinaren gainean egonda gerrate aurreko eta ondoko euskal gizarte teokratiko hartako garai haiek joan zirela, Orixerengana itzuli naiz. Asko zor dion ikaslea maisuarengana itzultzen den bezala. Apaltasunez eta beti zerbait gehiago ikasteko esperantzarekin. Zergatik? Arrazoi askorengatik, zalantzarik gabe, baina batez ere bi hauengatik: lehenik, jadanik sagaratutako autore klasiko bat delako -seguruenik bere belaunaldiko idazlerik adirazgarriena- eta, bigarrenik, euskal letreran obligaziozko erreferentzi puntu delako. Euskal literaturak ezin du, bere buruari uko egin gabe, ez errebindikatu Orixe. Hauez aparte, bada beste hirugarren arrazoi bat edo, zuzenago agian, koiunturazko aitzakia bat. Eta da aurten ospatzen dela bere mendeurrena, 1888ko abenduaren 6an jaioa bait da. Oraindik utzi zaharrak ez gaituen gure orexarrak merezirik du gure oroitzapenaren lekukotza.

Niretzat baliozkoak diren arrazoi horiek bultzarazi naute Orixeren gana hurbiltzera. Ez natzaio ni lehenengoa hurbiltzen, lehendik ere euskal kritikak gogoan izan bait du. Joxe Azurmendik bi saio eskainita dauzka Orixeren lanarI. Hala ere, agian, ikertzekoa areago da ikertua baino. Haren produziogintzan nahikoa oparoa den alderdi teologiko-mistikoa, esaterako, lur erabat birjina ez bada ere, geratzen da hor oraindik zer jorratu asko. Eta Orixe norbait baldin bada euskal literaturan, mistikan da bereziki norbait handi. Eremu honetan gailentzen da haren luma. Bihotzak ere hor laguntzen du gehien.

Horregatik, guztioi interesatzen zaigu Orixe mistikoa ezagutzea, ezagutzen ez dena ez bait da maitatzen. Eskolastikoek esaten zuten bezala: «Nihil volitum quin precognitum».

Zergatik hautatu dudan Quito'n arrebarekin? Berdinean erosoagoa zitzaidan lan hori ez beste edozein aztertzea: kasurako, Jainkoaren billa, ezagunena eta aipatuena bera delako. Hala eta guztik ere, erosotasunaren truke, nahiago izan dut oraintsu arte ilunpetan egon den Quito'n arrebarekin lana argitan jartzea. Hiru arrazoi bederen aipa nitzake neure erabaki honen alde. Lehenik, Quito'n arrebarekin, Euzko-Gogoa-ko zenbaki desberdinetan sakabanatua egon bait da, eskuragaitza izan da eta irakurleak aukera gutxi du berori irakurri ahal izateko. Bigarrenik, testu zaila da, agian Orixek duen zailena eta ilunena. Lehen irakurketa batean, nola ez duzun arreta handiz irakurtzen, kostako zaizu gauza garbirik ateratzen. Neure esperientziaren ondorioz diot hau. Hirugarrenik, besterik eritziko dionik izango dela onartuz, kritikarientzat la ohargabean pasatu den lan hau oinarrizkotzat daukat eta, nire gardiz, Jainkoaren billa baino oinarrizkoagotzat, azken hau Quito'n arrebarekin-en errepikapen eta luzapen bat besterik ez bait da. Literatur baliabideen aldetik, ordea, biak arras desberdinak dira eta hortxe egosten dira, hain zuzen, Quito'n arrebarekin-en merituak eta desmerituak.

Nire aztergaiaren ardatza Quito'n arrebarekin izateak ez du esan nahi horretara bakarrik mugatu naizenik. Azalpenen bila sarritan ikusiko nauzu Orixeren beste lan hertsiki mistikoetan sartuta, bereziki Jainkoaren billa-n eta poesia mistikoetan. Ezin izan zitekeen bestela. Orixeren pentsamendu erlijiosoaren arkitektura etxe batek duenaren antzekoa denez, ezin da ulertu bere osotasunean elementu osatzaileak batera ekarri ezik. Izena ere horregatik jarri diot horrelakoa: «Quito'n arrebarekin» irakurriz. Bertako pasarteak irakurriz eta nonahiko beste aipu kideekin konparatuz sortu zaizkidan gogoetak eskaintzen ditut saiakera honetan. Beti ere Orixeren pentsamendu erlijosoaren eta, bidenabar, beronen bizipen mistikoaren atzetik ibili naiz. Bidean, noski, pitxi asko galduko nituen. Poztuko nintzateke baldin begi erneago batek ondoko saio berrietan jasoko balitu.

Eta, bukatzeko, proposamen zehatz baten eskua luzatzea otu zait. Euskal irakurlegoaren eta, zahazkiago, Orixeren zantzuak galduxeak dituen belaunaldi berriaren izenean, Quito'n arrebarekin liburu batean berrargitaratzea eskatuko nuke (1). Horixe izango litzateke Orixeri bere mendeurreneko omenaldian egin diezaiokegun oparirik bikaiena. Eta guztientzat errentagarriena.

Donostian, 20-9-87an

(1) Nire desira hau kunplitua ikusi dut, berrikitan argitara emana izan bait da Eusko Jaurlaritzaren «Klasikoak» sailean (Nikolas Ormaetxea: Quito'n arrebarekin, Euskal Editoreen Elkartea, Bilbo, 1987).

Lan-prozedura

Quito'n arrebarekin, hitzaurrean esan dudan bezala, zatika argitaratua izan da Euzko-Gogoa-an. Horregatik, 1950-1954 epealdiko zenbaki desberdinetan barreiatua dagoenez, epealdi horretako zenbakiak mahai gainean eduki beharra dago lanaren irakurketa jarraitua egin nahi bada. Eta aukera hau izatea nahikoa zaila suertatzen da. Ez da hori oztopo bakarra. Argitalpen honek ez du eskaintzen liburu batek ohi duen aurkibiderik lehen begirada batean obra osoaren zati osagarriak ikusi ahal izateko.

Nik hemen, prozedura metodologikoaren eskabidez, bitan banatuko dut Quito'n arrebarekin-en egiturari buruzkoa. Lehenik, Euzko-Gogoa-n datorren bezala, deus aldatzeke, azalduko dut egitura hori, dauden izenburuak eta, bere hartan utziz. Bigarrenik, neure azterketarako, banaketa operazional baten arabera sailkatuko ditut zatiak.

1. Quito'n arrebarekin-en jatorrizko banaketa

Lehen lana Euzko-Gogoa-n zatika-zatika argitaratutako atalak bildu eta guztiekin ale bakarra osatzea izan da. Horrela lortu dut lanaren aurkibidea bere osotasunean ikusi ahal izatea (Ik. 1. eranskina Quito'n arrebarekin-en jatorrizko aurkibidea). Aurkibide horretan ikusten denez, batetik, atal batzu zenbaki erromatarrik gabe daude eta, bestetik, zenbaki erromatar batzu (II. , III. eta IV.a, adibidez) bi aldiz errepikatzen dira. Areago: 1952ko emanaldietan, IV. zenbakia, II. eta III. zenbakien aurretik dator; Horeb eta Karmel mendien kasuan, V. ataletik VII.era pasatzen da.

Argitalpen hipotetiko bati begira, bistakoa denez, jatorrizko banaketa hau zuzendu beharra egongo litzateke. Lanean zehar egingo ditudan oharretan ikusi ahal izango denez, desordena honen erruduna izan bide liteke egilea bera eta ez argitalpen-arduraduna (1). Atalak zatika eta aldizka entregatzean, oso posible da Orixek aurkibidea ez zaintzea, atalak egin ahala Euzko-Gogoa-ko Jokin Zaitegi zuzendariari igorriz joan bait zen. Quito'n arrebarekin-i, aipaturiko arrazoi hauengatik, horixe falta zaio: koherentzia aurkibidean eta gaiaren banaketan.

2. Helburuak eta plangintza

Azterketa-bideari ekin aurretik, nora jo finkatu beharko dizut lehenik. Azterketaren bidez lortu nahi diren helburuak zeintzu diren ezarri ondoren, haiei dagokien plangintza egokia egin daiteke, baina ez alderantziz.

Eta helburu nagusia hauxe izango da: Quito'n arrebarekin bere osotasunean hartu eta, atal desberdinetan banatuz gero, zatika ikertuz joatea. Hiru zati ditu nire honek. Lehen zatian, atariko orokor gisa, aurre-ohar batzu eskaintzen dira Quito'n arrebarekin-en alderdi formalak argitzeko xedearekin: literatur baliabideak, hizkuntz trataera, etab. Bigarrenean, lanaren lehen partean zuzenean lotuz, norabide biografikoa markatu nahi izan da, apunte gisa (2). Hemen, bereziki, Orixe gizona eta beronen gizarte-ingurunea hartu dira kontutan. Hirugarren zatia gorputz doktrinalari eskainia dago eta beronek osatzen du saiakera honen muina. Hementxe ikertzen da Orixe mistikoaren pentsamendu katolikoa bere garaiko testuingurutik begiratuta. Azkenean, han eta hemen esanak laburbilduz, gainbegiratu kritiko bat emango zaio Orixeren lan honi. Hauek dituzu, bada, saiakera honetako urrats nagusiak.

Metodoa literaturaren soziologian sartuko litzatekeen horietakoa da, obraren hegi formalak ezezik, tematikoak ere gogoan dituena. Eta hauek, nagusiki. Eta gogoan dituena testuinguru soziologiko baten barruan. Patri Urkizuk «ez dela idazlea epaitu behar, idaztia baizik» (3) aurpegiratzen zion Joxe Azurmendiri. Honen ihardespena, niretzat baliozkoa, bereizketa hori tratatuetan hobeto dagoela praxian baino (4), izan zen. Nik lan-hipotesi modura, zerbait gehiago erantsiko nuke: alegia, gizarte-ingurunea eta beronen mota askotariko baldintzak eta faktoreak (kulturalak, linguistikoak, ideologikoak, ekonomikoak, politikoak, erlijiosoak, geografikoak, etab.) kontutan hartu gabe ezin uler daitezkeela ez idazlea eta ez beronen lana. Uler daitezke, bai, baina ez hutsuneak nabarmendu gabe. Horregatik, gure ohizko literatur azterketetan ahaztuegia izan den gizarte-dimentsio horri bere garrantzia ematen diot.

Orixeren pentsamendua ulertzeko orduan, beharbada zenbait kasutan urruti samarreko iturriak eta erreferentziak dakartzadala irudituko zaio irakurleari. Honi, egin diezadakeen kritika aldez aurretik onartuz, kontzienteki egin dudala horrela aitortu behar diot. Aukera metodologiko baten ondorioa da. Eta inoiz estrapolazioak agertzen badira, beroriek neure buruari egozten dizkiot eta ez aukeratu dudan metodoari.

Batez ere bigarren zatia lantzerakoan, nahiz eta nire lehen helburua ez izan Orixeren hegi biografikoa arakatzea, ahalegindu naiz iturri biziak jasotzen. Honela, hona eta hara mugituz, Orixe bere herrian eta atzerrian ezagutu zuten batzuekin elkarrizketatu eta, zenbait kasutan, datu berriak biltzeko parada izan dut. Beste batzuetan, Jean Sorre eta José A. Rivera-ren kasuan bezala, eskutitzen bidez jaso ahal izan ditut ohar interesgarriak. Orexa eta Huitzin parroki artxiboetarako sarrera libre utzi didate, Orixeren senide eta senideordeen jaiotz eta heriotz agiriak azter nitzan. Bilbon, Euskaltzaindiaren «Azkue Biblioteka»n kausitzen den Orixerekiko gutun-xorta lodia ere altxor txit aberasgarri gertatu zait. Orobat J. M. Aranalderen bitartez A. M. Labaienengandik iritsi zaidan dokumentazioa eta J. M. Mokoroak utzi didana. Luzatu didaten laguntzarengatik zordun natzaien guztiei eskerrak ematen dizkiet orrialde hauen bidez. Laguntzaile hauen izenak lanean zehar aipatuak ikusiko dituzu.

Iturrien aipuak jatorrizko hizkuntzan egin ditut ahal izan dudan guztietan, testuaren zentzua bere jatortasunean jaso ahal izateko. Garbitokiko atalean, eboluzionismoaz diharduen zatian zehazkiago esanda, arreta berezia jarri da erizpide hori zintzo betetzen. Bestalde, irakurketaren segida gehiegi ez etetearren, lanaren azken partean datorren eranskinen zerrendan sartu ditut garrantzizkoenak iruditu zaizkidan dokumentuak eta datuak. Irakurleak hor aurkituko ditu Orixeren zenbait gutun, aditz etikoaren aurkezpena, lexikoa, Quito'n arrebarekin-en jatorrizko aurkibidea, etab.

Honenbestez, bidea irekita geratzen da aurrera segi nahi duenarentzat.

(1) Testu hau idatzi eta gero, Orixek J.M. Mokoroari bidali zion jatorrizko testuan egiaztatu ahal izan dudanez, nahasketa Orixeren testuan bertan dago (ikus Argi-erri, J.M. Mokoroaren artxiboetan).

(2) Apunte gisa diot, alderdi hau aparteko beste liburu batean osotu eta landuko bait dut.

(3) Literatura eta kritika, Donostia, 1970, 148 or.

(4) Zer dugu Orixeren kontra, Jakin, Oñati, 1976, 25 or., 1. oharrean.

itzuli gora

Etor-Ostoa |Plaza del Caddie, 1-1º C. Lasarte/Oria. 20160. Gipuzkoa. Euskadi. Tel. (34)943 371 518 | Fax. (34)943 372 003