Saltatu arakatzailea

Argitalpenak

Artistaren Mintzaira (25)

Egileak:

    J.Plazaola Artola

Euskeran ere aukera duzu: El lenguaje de artista

Publikazio hau azpiko bildumaren tomo bat da:

Hitzaurrea

Juan Plazola

Sarritan, lan bat argitaratzea erabakitzen denean, zertarako idatzi duen azaltzera beharturik gertatzen da idazlea, ustezko irakurleek liburuan egileak inoiz asmo izan ez duenaren bila ibiltzea eragozteko baino ez bada ere. Kasu honetan nago neu ere.

Ulertzeko modukoa da egoera hau, batik bat, orrialde hauetan jorratuko dugun gaia, artea eta artisten mundua bezalako alor hain zabal eta problematikoaren barrukoa denean, bi hitz hauek gaur egun esanahian halakoxe bitasun bat agertzen dutelarik, gainera. Halaz guztiz, ez dut asko luzatu nahi orri hauek baitaraturik dituela kontsidera daitekeen alor hau zehaztasunez finkatze eta mugatze ahaleginetan.

Auzi teorikoak, artea Estetikarekin harremanetan izatearena bezalakoak, zeinarekin identifikatzen zuen XIX. mendeko alemaniar teoriko zenbaitek («Artearen Zientzia»), edo artea eta artisautzaren arteko muga garbiak finkatu nahi izatea bezalakoak, edo arteari (oso bestelako norabidean) estatus oso jakin eta esoteriko oro ukatzen dionak bezalakoak («zuk egiten dakizun guztia artea da») bazterrera utziz, kaleko edonork eguneroko bizitzan hitz honi ematen dion zentzurik arrunt eta normalenean hartzen dut artea. Artista, orrialde hauetan, sorkuntzan profesionalki jarduten duen gizon ala emakumea da, balio espezifiko bat –artistikoa– eman ohi zaion eta zeinaren kontenplatzeak atsegin espezifikoa –zirrara estetikoa– eragiten duten objektuak sortzen.

«Kontenplazioa» esatean, nire lanaren edukiari buruzko lehenbiziko mugapena egiten ari naiz, izan ere, hitz honi bere zentzurik doi eta zehatzena emanaz, «arte nagusiak» deitzen diren haietan kokaturik direnei lotuko natzaie, hots, izaera tradizionalean ikusizko eta plastiko diren hiru arteei: arkitektura, eskultura eta pinturari. Arte «nagusi» eta «xehe» hauen zatiketari dagokionez, ohartarazi nahi nuke, delako zatiketa onartzeari uko egiten diotenei ez zaiela argudiorik falta, tradizioak jeinuaren grina agerian erakusten duten urregintzan eta beste tekniketan landutako artelan tresna txikiak utzi dizkigutela argudiatuz. Halere, zatiketa tradizionalari lotuko natzaio, izan ere, frogaturik kontsideratzen baitut «nagusietan» asmatze edo sormen unearen gailentze bat ematen dela, «xehetan» aldiz, gauzatze alderdia edo mekanika dela nagusi.

Aski bedi hastapeneko oharpen hau hemen esango dudanak Arte Historiarekin zerikusiren bat baduela ulertzeko. Arte historialariari sortzen zaion lehenengo arazoetako bat bere ikerlanaren objektua atzematea izaten da, mendeetan zehar arteak sortzen dituen eta gizadiaren ondare bezala gordeaz doazen objektu eta monumentu pilo horren artetik bere kalitate eredugarriagatik hautatuz. Asmo horrekin asmatu ziren museoak eta museotarako maila hori lortzeko helburuarekin (Cezanne-k amesten zuena) eratu merkataritza-galeriak eta halaxe osatuz doaz bilduma pribatuak.

Hauek esan ondoren, erantsi dezadan, artearen historiografiak derrigortzen duela iraganeko nahiz oraingo «altxor artistikoaren» hautaketa horri erantsi liezazkioken objektibotasun absolutu eta iraungarria duenaren inolako eskubideak erlatibizatzea. Gure gogoetaren objektu materialaz «altxor» bezala izendatuz aritu berria banaiz, iritzi orokorraren arabera, gaurko gizartean ekonomia mailako beste helburu batzuez aparte, funtsean balio kultural eta humanistiko bat ematen diogulako da; gizakiaren alderdi intelektual, moral eta izpiritualaren aurrerabide eta hobekuntzan laguntzen duena, alegia.

Baina arteak balio bat baduela ideia arrunt orokorra dela kontuan har badezakegu, balio humanistiko eta kultural hori zergatik ematen zaion zehazteko garaian, ez da hainbestekoa gure kointzidentzia. Hauxe da, hain zuzen, artearen alderdirik iradokitzaileena, gutxi gorabehera denok onartzen dugun distira misteriotsu hori, artearen eta artisten mundua inguratzen duena. Artea, gizakioi, helburu askotarako gerta dakiguke baliagarri, eta ez da hain zaila haietariko batzuk azpimarratzea. Baina artea helburu baten zerbitzura (erlijiozko, politikazko, ekonomiko e.a.) egon edo jarri ahal izateak ez du esan nahi, horregatik, artea helburu bat betez baizik gauzatzen denik. Hauxe da Kant-ek (Estetikaren sortzaile bikain horrek) adierazi nahi zuena, artean («gustuaren epaian») bazegoela «xederik gabeko helmuga bat» zioenean; hauxe bera adierazi nahi izaten dute jakinduria maltzurrez «Baina, zertarako da artea?» galdegiten dutenek; eta hauei honela erantzun beharko litzaieke: arrosa baten loratzeak, haurtxo baten irribarreak eta egunsenti-gorri batek balio duten haina balio duela arteak. «Ezertarako ez izate horretan» eta, halaz ere, gizadiaren aurrerabide eta ongizaterako guztiz ugalkor izate horretan dagoela artearen «misterioa». Hortik dator gizonarengan giza obrarekin topatzeak eragiten duen erakarmena, zeinetan nabarmentzen den sormen artistikoak eta artearen historiak merezi duten ardura; hortik datorrena dugu artearen «enigma» horren azken zuztarra argitzeko etengabeko jakin-mina ere, eta obra artistikoaren muinera iristeko, eta heldu beharko geniokeen bitartekorik eraginkorrena ezagutzeko antsia ere.

LIBURU HONEN EGITEKOA

Aipamen honekin liburu honen gaia ukitzen ari gara jada, sormen artistikoaren garapen historikoaz ariko ez dena, bestalde, artelanetara hurbiltzeko historialariak beharko lukeen metodologiaz baizik. Zehatz-mehatz esanda, nola begiratu artelan plastiko bat, ulertu ahal izateko, gustukoa izateko, estimatzeko eta esanahia aurkitzeko. Helburu hau lortzeko ahaleginean ibili diren bideak ugari eta askotarikoak izan dira. Esan liteke historialari bakoitzak bere bidea hautatu duela, egiazko eta arrazoizko artearen «historia» egiten saiatu den heinean. Beste nonbait ere idatzi dut metodologiaren alderdi honen garrantziaz.2 Eta barkatuko al dit irakurleak han azaldutako ideia asko orain berreskuratzen baditut. Eskuliburu horretan saiatu nintzen artelanen kontenplazioak uzten dituen eta gonbitea luzatzen duela diruditen hurbilpen desberdinak azaltzen. Kontua da historialari bakoitzak ikuspegi bat edo gehiago aukeratzen dituela bere ikerlanerako eta hauetaz baliatuko da, ondare handi horren barrutik, bere azterketa, bere kritika eta bere interpretazioak burutzeko, merezi duten obrak hautatzeko garaian ere.

«Artelan» deituriko giza emaitza pilo hauen aurrean, jarrera hautakor, kritiko eta balioztatzailea hartu beharra, halako tankera filosofiko batekin alderatu izan da. Eta bada egilerik, aitatu ditudan ikuspegiak hobetsirik eta bakar bezala ere harturik, euren lana «arte historiaren filosofia» bezala irizten dutenak.

XVIII. mendeaz geroztik arteari aplikaturiko Filosofiaren Historia bati buruz hitz egin izan da. Giza historiaren «filosofia» modura hartu izan diren saiakeren egile bezala gogoan hartzea merezi duten izen batzuk dira Vico, Herder, Hegel, Marx, Spengler eta Toynbee. Historia horren eremuan, pentsamendu filosofikoaren arragotik horrela igarota, ezin falta zitekeen jarduera artistikoa.

Mendeetako ibilbidean giza eta gizarteen joan-etorriak argitu nahi lituzkeen historiaren filosofia batek ez zezakeen bazterrean utzi delako ibilbidearen mugarri diren arte estilo handien ikerlana.

Halaz ere, Historiaren Filosofia izena bere zentzu hertsian, nire ustez, ez litzaioke erantsi behar, Historia zer den, zein eratako jakinduria eskatzen duen, beste zientzien jomugaz alderatuta bere xede berezia zein litzatekeen, zein bere azterlanetako prozedura eta abar ikertuko lukeen jakintza edo zientzia bati baizik; honengatik denboran eta geografia unibertsalean zehar sormen artistikoa azaldu deneko forma zehatzak eta estiloak aztertzera beharturik gertatu gabe.

Ortega y Gasset-ek «profeziarik gabe historiarik ez dagoela» gu konbentzitzen saiatzean, honela historiaren kontzeptuaren jatorrian bertan sartuz, «Historiaren filosofia» egiten ziharduen.

Aldiz, Spengler-ek zortzi zibilizazioen bere teoria eraikitzen zuenean eta «plastikaren historia Migel Anjelekin amaitzen da» eta Wagner-en Tristan dela «sartaldeko musika ixten duen haitz erraldoia» baieztatzean egiten zuenari filosofia deitzea zalantzazkoa da.

Erromantizismo aldian, erromantikoki bizitzen den aldietan bezalaxe, uste izaten da, jazoera historikoan ibilbidearen barrutik, litekeena dela dedukzio bidez (Hegel) edo induktiboki (Spengler) ezagutu eta finkatu daitezkeen arau orokorrei erantzuten dieten ziklo edo garapen faseak mugatzea.

Gaur egungo pentsamendu kritikoaren aurrean, ikusmolde hauek, osoki buruan hartzeko gaitasunagatik miresmena eragiten badute ere, galdurik dute euren ospea, eta arrazoiak argi daudela dirudi. Hasteko, oinarri pasakor eta kontingenteen gainean ezin koka daitezke arau orokorrak eta abstraktuak, batetik, hein handi batean patuaren mende daudenak eta, bestetik, giza askatasunaren mende ere badaudenak. Ezagutza historikoa pixkanaka aberasten da eta ikerkuntza historikoak ez du behin ere iraganeko gertakizunei eta hauen esanahiari buruzko bere azken hitzik eman. Bere «eoi barrokoaren» ikuspegia finkatu ondoren eta iraganean izaera oso lausotu eta orokorreko zenbait forma artistiko errepikari ikusiz, bere «profezian» ausartuko zen Eugenio d´Ors: «Bihar klasikoan esnatuko gara», baina «bihar» hori noiz hasiko denari buruz inolako zehaztasunik erantsi gabe.

Apaltasun zientifikoz onar dezagun arteak etorkizunerantz egingo duen ibilbideari buruzko gure pobretasun profetikoa. Arte historialariaren ametsak «hausnarturiko historia» bat lantzea izan beharko luke, itxuraz kaotikoa den giza ekintzen masa horretan zentzu bat bilatzen saiatuko den historia lantzearena.

Artelan oro agiri bat da, gizonari buruzko irakaspena eta bere berri ematen digun zerbait. Baina, benetako artelan bat izatekotan, hizkera jakin bat erabili beharko du eta balio berezia izan, eta balio horren esentzia jakin horretatik arteak berezkoa duen adierazpiderako gaitasuna izango du. Berak artelan kontsideratzen dituen obren zerrenda soila eta axaleko deskribapena egitera mugatuko ez den historialaria, baizik delako obren balio estetiko eta espresiboa ezagutzen eta neurtzen saiatuko dena, eta obra bat zer den ez ezik, zergatik eta zertarako egin den ezagutzen saiatzen dena, artelanen esanahia ezagutzeko bidean dabil. Orduantxe eta orduan baizik ez da hasiko arte historialari jatorra izaten. Eta artearen historiari buruzko gogoetan saiatze horretan kokamen harturik, hortxe dauka bere zentzua eta tokia artelanetara gerturatzeko eta hurbiltzeko metodoei buruzko saiakera batek.

Baina, zuzen-zuzenean gorengo garrantzizkotzat jotzen dudan metodo horietako baten inguruan –artisten hizkeraren berezitasunaz– hitz egiten hasi aurretik, hau bezain legezko eta baliagarri diren beste metodoen berri laburra ematea komenigarri iruditzen zait; hauekin ari baitira kontenplatzen eta aztertzen gaur egun artelanak.

itzuli gora

Etor-Ostoa |Plaza del Caddie, 1-1º C. Lasarte/Oria. 20160. Gipuzkoa. Euskadi. Tel. (34)943 371 518 | Fax. (34)943 372 003