Saltatu arakatzailea

Argitalpenak

DVD Pyrenæum 3.0
Roncesvalles - Irati - Ori

Egileak:

Euskeran ere aukera duzu: DVD Pyrenæum 3.0

Publikazio hau azpiko bildumaren tomo bat da:

Mendiak multimedia

Hitzaurrea

1. Sarrera

Ibañeta eta Larraineko mendateen artean Pirinioak ez dira gailurren handitasunagatik nabarmenduko, bai ordea, Europa Mendebaldeko altxorra den baso handienen paisaiengatik gailenduko; hauetako batzuk gizonak inoiz ustiatu gabekoak direlarik. Igarobide piriniarrak gurutzatuz Orreagara daramaten Iratiko basoetan zehar edo Donejakueko bide mitikoetan barrena, ibilian ibiliz, mantsotu egiten da denboraren joana…

2. Orreaga

[Ibañetako Mendatea]

Ibañetako mendatean hasten da gure bisita-ibilbidea, 1.057 metroko garaieran. Gure aroaren hasieran elezaharra darion igarobide honek, ordurako ikusiak zituen erromatar tropelak pasatzen, igarotze honen aztarnak utzirik Urkulu mendi gailurrean; eta gaur oraindik, oroitzapenezko monumentu gisa, trofeo-dorre bat ikus daiteke, seguruenik Akitaniako lurraldea Erromaren mendean jarri izana ospatzen. Erromatarrak berak izan ziren garaiera hauei “Summo Pyreneo” deitura eman ziotenak.

Halere, sonarik handieneko gertakaria Orreagako bataila izan zen, zenbait iturri historikok bazter hauetan kokatzen dutena.

Iruñeko harresiak suntsitu zituen Karlomagnok. Baskoiak armada noiz igaroko zain egon ziren Ibañetan. Enperadorearen ordezko ospetsua, Erroldan sonatua, erretagoardian zetorren eta hantxe hil zuten. 778. urtea zen. Garaiko koblakariek eman zuten elezaharraren berri eta, hiru mende beranduago, sorrera eman zitzaion Europako egitandi-kanta antzinakoenari. Gaur egun gertakari honen oroitzapena da Ibañetako Gainean dagoen monumentua. Bunkerrak eta lubakiak aurkituko ditugu monumentuaren alboan, gatazka berriago baten lekuko: gerra zibilarenak.

[Orreaga]

Ibañetako Gainetik kilometro pare bat jaitsiz Orreagara iritsiko gara.

Erromesek IX. mendeaz geroztik Pirinioak zeharkatzen dituzte Galizian aurkitutako Santiago apostoluaren gorpua gurtzeko asmotan. “Frantses-bidea” zeritzana hartuta Ibañetan barrena zetozenak atsedena, elikagaiak eta osasun-laguntza bila iristen ziren. Halako helburu batekin sortu zen ospitale bat, berehala erlijio-zentro garrantzizko bat bilakatu zena. XII. mendekoa da Sancti Spiritus eliza, eta mende horretakoa Karlomagnoren Siloa deritzan hezurtegia ere, non, elezaharretako tradizioaren arabera, Orreagako guduan eroritakoen gorputzak aurkitzen diren.

Honen ondoan aurkitzen da XIII. mendeko Santiago eliza ere. Mende horretan eraikiko da Orreagako Kolegio-eliza, eta honen eragile izan zen Antso VII.a Azkarraren hilobia aurkitzen da bertan.

Garai hartarako halako garaitasuna zuen errege nafar hau, Navas de Tolosako bataila ospetsuan irabazle izan zen, eta handik ekarri zituen trofeo gisa musulmanen buruzagiaren kuartela babesten zuten kateak. Tradizioaren arabera hauek dira Nafarroako armarrian azaltzen diren kateak.

Gaur, oraindik ere hunkigarria eta mistikoa da Orreaga, oroitzapen leku Santiagora doazen erromesentzat.

[Ortzantzurieta]

Mendean du Orreaga Ortzantzurieta deritzan mendiguneak. Panoramika ederreko garaiera da eta nabarmena, Ibañetako Gainetik gora egiten duen pistatik erraz igo daitezkeen gainak dituena.

[Urkulu]

Donibane Garazitik, Donejakuerako bidearekin bat egiten duen asfaltozko gurdi-bide batek, 1.230 metroko garaiera eta Arnostegi deritzan mugako gailurrera eramaten du, Donibane Garaziko bailara gainean ikuspegi itzel eta eder bat agerraraziz.

{Urkulu ibilbidea: Arnostegiko lepotik }

Hemendik abiatu eta 25 bat minutuz ibilita, 1.425 metroko garaiera duen Urkulu gainera igotzen da; han erromatarren garaiko eta oinplano borobileko eraikuntza baten aztarnak altxatzen dira.

Ez da defentsarako eraikuntza bat, “Trofeo-dorre” bat baizik, agian Cneo Pompeyo jeneralak eraikiarazia. Erromatarren inperioaren oroitzapen eta aintzarako eraiki zen muino honetan, Akitaniako lurrak konkistatu ondorengo, bere nagusigo militarra erakusteko asmoz.

Urkuluko dorreak hogei metroko diametroa du eta lau metroko altueran murrua.

Paraje honetatik panorama zabal bat agertzen da, Iratiko basoak gertuan eta Pirinioetako gailurrak urrutian dituela.

Sai arrea garaiera hauetan bizi zalea izaten da.

[Monumentu megalitikoak]

Urkuluko hegaletan garrantzi handiko monumentu megalitikoak aurkitzen dira, mendi hauetan bizi ziren historiaurreko biztanleek altxaturikoak.

Soraluzeko trikuharria, Azpegiko trikuharriak eta harrespilak,…

Urkulutik behera gatozela, Pirinioetako banalerroa jarraituz, Organbideko lepora iritsiko gara, eta hemen ere aztarna arkeologikoak aurkituko ditugu. Organbideko trikuharria leku honetan bi estatuen banalerroa markatzen duen 212. muga ondoan aurki daiteke.

3. Irati

[Irati Ibaia]

Iratiko basoa zeharkatu ondoren, izen bera duen ibaia Aribera iristen da Artzibar deritzan haranean sartuz.

Aribetik zenbait kilometrora, Oroz-Betelu errepide ondoan aurkitzen da Ariztokia begiratokia eta hemendik kontenpla litekeena ikusgarria da: Irati ibai zaratatsu eta basatiaren panoramika.

Arroilan barrena ezkutatzen da ibaia, Ebroren sakonune aldera ibiliz eta elkarren jarraian dauden mendi-hormen artetik bidea eginez.

[Orbaitzeta]

Aribetik, Iratiko basorako sarrera nagusia den Orbaitzetara daraman bidean aurrera joko dugu. Bost bat kilometro gehiago eginez, garai bateko eskualde honetako erakargarri turistikorik nagusiena den Arma fabrikara iritsiko gara, hauxe baita mendiko ibilbideen abiapuntua.

Arma fabrika XVIII. mendekoa da eta Karlos III.aren aginduz eraikia, Eugin zegoen aurreko beste lantegi baten oinarrizko baliabideak agortu ondoren. Iratiko basoen ondoan, burdin meategiak hurbil eta urte osoan eskasiarik gabe ura oparo duelarik, erraza da kokalekuaren zergatia asmatzen.

Han bonbak eta burdin barrak egiten ziren, hartan 50 lagun baino gehiago enplegatuz.

[Irabiako urtegia]

Iratiko basoaren erdian aurkitzen da Irati ibaiko urak biltzen dituen Irabiako urtegia. Paseo entretenigarrirako lekua da, nahi bada oinez, bizikletaz bestela.

[Iratiko Basoa]

Basoa da protagonista nagusia Pirinio alderdi honetan.

Iratik gutxi gorabehera 17.000 Hektareatako azalera du, eta hauetan lautatik hiru basoak dira.

Baso komunitate nabarmenena pagadi-izeidia da. Pago abartsuen artean bizikide dira izei estilizatuak, bizikidetasun egoki eta naturalean. Pagadiak gora egiten du hegietan eta behe-ibarretan barrena, 1500 metroko garaiera harrapatzeraino eta udako larreak azaltzen dira hemen, elur maindirez estaliak negu partean.

Behereneko alderdietan ere aurki daitezke harizti idilikoak, haien artean galtzeko gonbitea luzatzen bezala.

[Abodi Mendia]

Mendilerro hesi batek ixten du Hego aldetik Iratiko esparru naturala, 1500 metro baino gehiagoko garaierak iristen dituenak. Hauxe dugu Abodi Mendi.

Otsagitik, 25 km. egin ondoren, errepide batek eramaten du Iratiren bihotzera, Erregearen Etxeak bezala ezagutzen den parajera.

Paraje honetara jaisten hasi aurretik, garaieran 1.350 metro dituen Taplako pasabidea harrapatzen du errepideak, Abodiko bizkar soiletan barrena zenbait paseo eman ahal izateko abiapuntua.

{Ibilbidea: Goñiburuko Begiratokia}

Taplatik bide markatu bat abiatzen da Bizkarraundiko gainera. Gailurretik oso hurbil gaudenean bidea utzi egingo dugu eskuinetik jarraitzeko, gertuan eta agerian 1.464 metroko garaiera duen Goñiburuko tontorrerantz. Iratiko baso gaineko begiratokirik hoberena dugu hau, eta ez da 25 minutu besterik behar berari gaina hartzeko.

Bertatik ikus daitezke Irabiako urtegia, Abodiren bizkarra eta beti presente dagoen Orhi, bere 2.017 metrorekin Pirinioen alderdi hau azpian hartzen duena.

{Ibilbidea: Abodi}

Taplako pasabidetik bertatik, garaieraz 1.492 metro dituen Idorrokiako tontorrera igo liteke hogei bat minututan. Hemendik jarrai dezakegu markatzen bizkarraren goieneko profila, gorabehera gozoekin, eta ordu eta erdiko ibilbidearen ostean, bere 1.530 metrorekin mendilerro honetako tontorrik garaiena den Abodiren gaina harrapatu arte.

[Erregearen Etxeak/ Elurretako Ama Birjinaren Ermita]

Taplako pasabidetik Erregeren Etxeetara jaitsiko gara.

Leku hau, 850 metrora aurkitzen den hau, Iratiko baso bikainez inguraturik dago. Hementxe egiten dute bat Irati ibaia osatzen duten bi errekastoak, Urtxuria deitzen zaio bati eta Urbeltza besteari.

Erregearen Etxeak, gaur egun aurriak badira ere, beren jatorria ingelesen aurkako gerrarako itsasontziak egiteko egurra ateratzeko jarduerari loturik aurkitzen da.

Apurtxo bat aurrerago aurkitzen da Elurretako Ama Birjinaren ermita. Erakargarriak dira, ingurune hau sakontasunez ezagutzeko, hemendik abiatuta egiten diren ibilbideak, Urtxuriako arroilan sartzen den bidezidor markatua delarik gomendagarriena.

[Lizardoia]

Lizardoia tontorraren hegietan aurkitzen da Cuestion Mendi deritzana eta hemen badira oraindik gizonak ustiatu gabeko paraje batzuk, Osoko Erreserba modura babesturik daudenak. Hauen arteko bat bezala aipa dezakegu Lizardoiako erreserba.

[Otsagi]

Erregearen Etxeetatik errepide bera hartuta jaitsiko gara Otsagira.

Merezi du halako arkitektura berezia duen herri polit honetan paseo lasai bat ematea, Zatoia eta Anduña bi ibaiek hementxe bat eginez Salazar ibaia eratu eta izena ematen dion haran honetan zehar ibiltzea.

Hemengoak, harriz eraikitako etxe sendoak dira, malda handiko arbelezko teilatuak, negu hotz eta luzeak eramangarri egiten dituztenak. Harriztaturiko kaleetan ibiliz ez dirudi frantsesek herriari su eman zioteneko Konbentzio-gerraren inolako arrastorik gelditzen denik ere.

Inolako zalantzarik gabe hemengo protagonista ibaia da, harrizko zubi ederrez zeharkatzen den Salazar ibaia.

Agerian gelditzen da, teilatuen gainetik gora eginez, XVI. mendeko San Joan Ebanjelariaren eliza.

[Muskilda]

Otsagitik oinez igo daiteke ordubeteko ibilbide atseginean Muskildako Ama Birjinaren Santutegia babesten duen muinoraino. Errepidea ere iristen da bertara.

Elezaharrak dioenez mila metrora dagoen toki honetan azaldu zitzaion Amabirjina artzain gazte apal bati. Gaur egungo santutegia Antso VII.a Azkarrak eraiki zuen XIII. mendean, lehenagoko beste baten gainean seguruenik.

[Ollokiako Muinoa]

Otsagira itzulita, errepidetik Larraine mugako mendateraino igoko gara, baina kilometro batzuk lehenago, Ollokiako muinoan geldialdi bat egin ondoren.

Alderdi hau Abodi mendiaren ekialdeko muturrean aurkitzen da eta bada bertan iraupen-eskia egiteko estazio txiki bat ere.

Negu partean, Larraineko igarobidea zirkulaziorako itxita egoten da. Orduan, hartara errepidea bera erabiltzen da kirol honen praktikarako pista modura.

Ollokiako muinotik Abodi mendian barrena egin daitezke zenbait ibilbide eta baita Pirinio mendietan bi milakorik mendebaldekoena eta Iratiko basotik mila metro gora egiten duen Orhi tontor zirraragarri aldera ere.

[Orhi]

{Ibilbidea: Larraine-Orhiko mendatea}

Ibilbidearen abiapuntua Larraineko mendatea da, 1.573 metroko garaieran dagoen mugako igarobidea. Puntu honetatik hartuko dugu Hego isurialdeko hegiaren erdialdetik doan bide-zidorra, Orhi txipia ( 1.929 m ) deritzan kota gaindituz, Iratiko mendietan punturik gorenena den Orhiren ( 2.017 m ) piramidearekin kota hau eratzen duen muinoan kokatzeko. Negu partean, Ollokiako Muinoan hasi behar da ibilbidea, 1.327 metroko garaieran, mendate aldera 3 bat kilometro errepidez jarraitzeko.

4. Ipar isurialdea

[Ipar isurialdea]

Berri ematen ari garen Iratiko mendigune honen Hego isurialdeak badu mugatik haratago ere jarraipena.

[Errozate eta Harpeako Haitzuloa]

Errozate mendia da mendilerro honetako alderdirik interesgarriena. Lainoak estaltzen du sarritan tontor dotorea, Errobi ibaiaren sorburuen gainetik nabarmentzen den hau.

Harkaitz tolestura batean aurkitzen dugu Harpeako haitzulo bitxia, magikoa bezain hunkigarria den ingurunean.

[Okabe eta Ilharritako nekropolia]

Okabe mendi gainetik gertu dagoen ordeka batean, 1.464 metroko garaieran dago Ilharrita nekropolia.

Leku sakratua da, soil azaltzen da Orhi buru duela, mendi hauetan sarri izaten ziren lehen artzain-herriek duela hiru mila urte baino gehiago eraiki zituzten hogeiren bat harrespila erakutsiz.

Euskal Herrian dugun historiaurreko hilobi multzorik zabalena da.

[Irau eta Okabe]

{Ibilbidea:Irau-Irau muinoa eta Irau-Okabe muinoa}

Errozate eta Okabe artean ikus dezakegu garaieraz 1.152 metro dituen Irau tontorra. Igoera erraza du honek, Iratiko txaletetatik abiatzen den errepide bat baitu garaieraz 1.010 metro dituen Irauko bizkarrera daramana. Igoerak ez ditu hogei minutu baino gehiago eskatzen.

Puntu beretik igo daiteke Okabera ere, Ilharritatik igaro eta ordubete ibili ondoren.

[Iratiko Txaletak]

Iratiko bazterrik adierazgarriena, Ipar isurialdean, Iratiko Txaletak izenez ezagutzen den gunea da.

Sigi-sagak eginez Urbeltz igarotzen den ordoki bati deitzen zaio horrela. Ibiltariak eta arrantza zaleak maiz bisitatzen duten parajea da, eta mendi-bizikletaz ibilaldiak egiteko egokia.

[Bagargiak Muinoa]

Irati eta Larraineko Txaleten artean agertzen da goien Bagargiakeko muinoa, 1.324 metroko garaieran. Txalet txikiez inguraturik dagoen lekua da, asteburuetan baso hauen edertasunak, arrantzuak eta iraupen-eskiak erakartzen dituen turistak biltzen dituztenak.

[Harsüdürra]

Iratiko mendigunea ixten duen Harsüdürra edo Eskailera mendiko mendilerroa aurkituko dugu Iparraldean, isurialde honetako garaierarik handiena emanaz kordelean.

Arthanolatze haitz punta da garaiena, Bagargiaken Muinotik ibilbide xumeak dituena.

Honen ekialdeko alderdian agertzen da Eskailera mendiko haitz tontorra, haranaren gainetik panoramika zabalak eskaintzen dituena.

5. Arbaila

[Arbaila]

Iratiko mendiguneak, Iparraldetik, Arbailari egingo dio bidea.

Pagadi eder gozoek estaltzen dituzte zenbait gain, hegi eta sakanak. Baina larre zabal askoak ere azaltzen dira, kare-haitz zuriez tantoturik, aziendak oso estimatuak dituenak.

[Ahüzki]

Parajerik enblematikoena 1.000 metroko garaieran kokaturik dagoen Ahüzkiko bainuetxea da. Honen gainean sigi-sagan doan bidetik aurkituko dugu Ahüzkiko iturri famatua, biriketako gaitzak joak tratatzeko egokiak diren ur sufredunak jariatzen dituen iturria, hain zuzen.

[Apanizeko Leizea]

Arbailako goi-ordoki gainean aurkituko dugu Apanizeko leize sonatuaren ahoa, errepidez Behorlegitik edo Mendibetik iritsi daitekeelarik bertara.

Apanizeko Larrea deritzan leku batean dago leizea, sarbidea 1.040 metroko garaieran txirrista-sarrera moduan duela; putzu batzuk jaitsi ostean gutxi gorabehera 350 metroko pitzadura bertikal batera (Putzu Handira) iristen da, Frantzia osoko errekorra irabazten duelarik bertikaltasunean.

Ez da harritzekoa, herri-tradizioaren arabera, zulo hau infernuko atea izatea.

[Behorlegiko Tontorra]

Arbailako tontorrik identifikagarriena, piramide baten itxuran nabarmentzen da Behorlegi eta Mendibe bezalako herrixken gainetik. Haritzarteko tuturrua dugu, Behorlegi modura ezagunago zaiguna. Igoera samurreko ibilbideak ditu, Apanizeko leporantz doazen errepideei esker erraztuak.

[Behorlegi]

Izen bereko tontorraren oinetan kokaturiko Behorlegi herrixka da Arbaila mendiaren oinetan dauden besteen adierazgarri.

6. Azken solasa

Orreaga, Irati eta Arbaila izan dira historia eta elezaharra gurutzatzen diren iraganeko aztarnak aurkitzen lagundu digutenak. Ilharrita, Abodi edo Organbide moduko esparru irekiak beretzat hartzen dituzten historiaurreko aztarnak dira auren aziendak hartuta goi hauetara iristen ziren lehen artzain haien lekuko isilak.

Ametsetako errekastoak igarotzen diren basoak dira ingurune natural honetako arlo pribilegiatua, denboraren joana mudantzarik gabe jasaten duten amaigabeko bizkarrak eta gailur elurtuak goitik dituztela.

** ** ** ** ** ** ** ** ** ** ** ** ** ** **

Bideorako kredituak

«Mendiak» bildumaren multimedia berrargitalpena

Zuzendaritza: Enrique Ayerbe Etxebarria

Errealizazioa: Cristobal Baigorri

Gidoi literarioa: Javier Urrutia

Musika: Angel Enfedaque

Esataria: Kepa Cueto

Koordinatzailea: José León Huarte

Muntaketa: Puy San Martín

Soinuztapena: Sonora Estudioak

Produktorea: Etor-Ostoa S.L.

itzuli gora

Etor-Ostoa |Plaza del Caddie, 1-1º C. Lasarte/Oria. 20160. Gipuzkoa. Euskadi. Tel. (34)943 371 518 | Fax. (34)943 372 003