Saltatu arakatzailea

Argitalpenak

Landa eta industri eremu eta jarduerak (6)

Egileak:

  • J.Askasibar Zubizarreta,
  • J.Garayo Urruela,
  • J.Portugal Ortega,
  • S.Serrano Abad,
  • M.Torres Enjuto,
  • A.Urzainki Mikeleiz

Euskeran ere aukera duzu: Espacios y actividades industriales

Publikazio hau azpiko bildumaren tomo bat da:

Euskal Herriko geografia

Hitzaurrea

LANDATASUNA EUSKAL HERRIAN

Asunción Urzainki

Hasiera batean landatasunaren ideia, esperientzia indibidual edo amankomunetik abiatuta, erraz beregana daiteke, eta errealitate sozioespaziala bereizten edo kokatzen saiatzeko erosoa suertatzen da. Hala ere, praktikan, ia ezinezkoa gertatzen da berau gune jakin batzuei aplikatu eta mugatzea; bereziki hiritartze maila handia izatera iritsi diren hiri inguruko guneez ari garenean, geure metropoli barrutien inguruan gertatzen den bezala. Kontua da sistema espazialetan ematen ari diren aldaketa handiez geroztik, hirien aurrerabideak eragindakoak, askotan ezjarraiak diren fronteetan -komunikabideei jarraituz edo inguruneko gune tradizional txikiagoek kutsatuta-, landako-hiriko dikotomiak ez duela errealitate konplexu eta aldakor hau aztertzeko balio, Euskal Herriko Kostaldeko herrialdeetan hainbestetan ematen den landatasunaren eredu garbi eta hiri-aglomerazioaren artean sortutako errealitatea.

Horregatik, jadanik ez dirudi tradizionalki egoera hauetako bakoitzari esleitutako ezaugarri batzuk bereizketa eragile edo osagai gisa onartzea baliozkoa denik -oinarri ekonomikoa, bizimodua edo biztanleen arteko harremanak-; izan ere, azken finean, itxurazko landatasun baten azpian, hiriari dagozkion bizimodu eta portaerczko jarraibideak izkutatzen dituzten geruza asko daude, iragaite prozesu betean konpartitutako eta aldaketa formal nahiz funtzionalen dinamika baten eranginpean dagoen egoera ugari. Euskal Herrian landa-hiria integrazioa euren landatar fisionomia edo itxura mantenduz lortu duten guneen adibide asko daude, hauek hiriko moldeak hartu arren, landatar izateari uzten ari zaion eremuan hiriaren barneratze prozesu funtzional baten bitartez.

Kontuak kontu eta lurraldetasunaren dimentsio berri hau onartu edo ez onartu, onargarria suertatzen ez dena landatasuna eta hiriko forma aurkakoak edo baztertzaileak balira bezala elkarren kontra aurkeztea da; izatekotan, espazioaren antolaketarako eredu ezberdinak izango dira, betetzen dituzten funtzio anitzen ondorioz ikuste osagaien multzo batean gauzatu direnak autemangarriak, beraz; funtzio anizkoitzeko espazio osagarriak, sistema orokor baten barnean.

Gure ikuspegi geografiko, espazialetik, beharrezko dirudi lehentasuna alderdi formal eta funtzionalei ematea bereizketa eragile gisa, eta, ondorioz, landatasuna -landako paisaiak- dentsitate baxu eta kontzentrazio txikiei, erabilera estentsiboei, eta proportzio handi bat nekazal jardueretara zuzendutako lur eraiki gabearen nagusitasun espazialari lotzea; aldi berean, eta bertako biztanleen gizarte antolaketarako eredu zehatzak, jokabideak, ohiturak eta kontsumo jarraibideak alde batera utzita, landatasunak hornidura eta zerbitzu hobeak dituzten beste guneekiko menpekotasuna dakar.

Ezaugarri guzti hauek dira, lurraldean lanean diharduten gizarte eragile ezberdinek onartu bezala, landari bere balio berezia ematen diotenak egungo lanaren espazio banaketan, zeinak bere dinamika zuzendu eta bere zati den sistema orokorrean funtzio berriak esleitzen baitizkio.

Baina orain, eta ikuspegi edo maila kontzeptual soilaz haratago, Herriaren alderdi geografikoak behatzea ahalbidetuko digun adina handiko lurralde oinarri bat mugatu beharra dugu; landatasun ukaezina eta, aldi berean, konplexua dena bere aldaera ezberdinetan, zenbat eta hirigunetik urrunago, “hobeto mantendua”. Helburu honekin eta eraginkorrak izan asmoz soilik, herrien tamainari lehentasuna ematea erabaki da, azterketa eremu gisa 2.000 biztanleen muga finkatuz, stricto sensu landa eremua ez dena, hainbeste ñabardura dituen errealitate bat mugatzeko estatistika irizpidea baino ez erabiltzea bidegabea bait litzateke.

Hautatutako datua Euskal Herrian diharduten estatistika erakunde ezberdinak proposatutako sailkapenetatik berariaz aldentzen da, sailkapen hauek berak ere bat ez datozelarik; modu honetara, Euskal Estatistika Institutuak (EUSTAT) landa zona 10.000 biztanletik beherako herriek osatutako multzoari deitzen dion bitartean, hau da, udalerrien barne dauden eta garbi bereizi eta identifika daitezkeen unitate bizigarriei (edo udalerria bera osatzen dutenei), Frantziako Estatistika Institutuaren iritziz (INSEE), jarrera murriztaileagoz, landakoa izango da herri nagusian bildutako eta hiri unitate konplexu baten -komuna anitzekoa, alegia- zati ez den 2.000 biztanletik beherako komuna (udalerri) oro. Izan ere, eta delako proposamenen balioa aztertu gabe, horrelako irizpide desberdinek berriz ere landa unibertsoa kokatu eta mugatzeak ematen dituen lanak agerian uzten dituzte.

Mugaketa hau alde batera utzi daiteke landa eremuen azterketa herrialdeei buruzkoa denean, esparru zabalago baten barruti gisa, orain arteko Euskal Herriari edo honen eskualdetako bati buruzko lan ezberdinetan ikus daitekeenez; lan hauek eskuartean dugun gaiaren oinarrizko bibliografia osatzen dute. Lehenengoen arteko adibide askorik ez dago, lan orokorrez landa, eta horrexegatik gertatzen da hain baliotsua Th. Lefebvre-n “Les modes de vie dans les Pyrénées Atlantiques orientales” bikaina. 30eko hamarkadaren hasieran argitaratua, oinarri zientifikoz burututako aurreneko herrialde sintesia izango da dudarik gabe, eta neurri batean L. Urabayen-ek garai berean Nafarroari buruz egindako lan multzoarekin aldera daiteke.

50eko hamarkadatik aurrera euskal landaren mundua gai duen geografiak garapen etengabe eta bikaina ezagutu du, batzuetan eskualdearen esparrua eta beste zenbaitetan lurralde historiko jakinak aztergai izan dituzten egileei esker, hauetako askok A.Floristán Samanes eta G. Viers buru dituzten geografi eskolei lotutako beste hainbeste doktore tesi burutu dituztelarik. Hontaz ari garela, euren herrialdeei buruzko monografiez gain, S. Mensua, P. Laborde, V. Bielza de Ory, P. de Torres Luna, E. Ruiz Urrestarazu edo A. Ugalderenak ere, bibliografia eranskinean ageri direnak, aipatzea aproposa litzateke.

Lan bikain hauei landa munduaren osagai ezberdinak -habitata, landako biztanleria, laboreak, abeltzaintza- edo lurraldearen antolaketarengan eragiten duten hainbat alderdi -lurraren jabetza, herri osoa- funtsean geografikoa den ikuspuntu batetik jorratu dituzten monografiak erantsi behar zaizkie; azterketa hauetako asko aldizkari berezituetan edo batzar agirietan nahiz bilera zientifikoetan argitaratu dira, baina gehienak “Bibliografía geográfica de Euskal Herria” lanean bilduta daudenez, erreferentzia zehatza ez dugu aipatuko. Liburu hau Andrés de Urdaneta Geografia Institutuak 1986. urtean argitartu zuen, J. Gómez Piñeiro-ren zuzendaritzapean, ondoren E. Ruiz Urreztarazuk azterketa batean iruzkin hautakorra egingo duelarik, hau ere bibliografia eranskinean agertuz.

Euskal Herriko landa eremuak ezagutzeko oso interesgarriak dira M. Etxezarreta eta M. Rapún ekonomistak edo J.M. Garayo eta J. Martínez landa soziologoak bezalakoen lanak ere, norbere ikuspuntutik euskal landa munduko alderdi ezberdinetaz ere arduratzen direnak.

Ezinbestean laburra den zerrenda honetan, ez dugu J. Caro Barojaren obra ahazterik; euskal landa munduaren ezagutzarako berak egindako aparteko ekarpena, bere lan askotan dagoena, jadanik derrigorrezko erreferente bilakatu da eta honek egile nabarmenen artean merezita kokatzen du.

itzuli gora

Etor-Ostoa |Plaza del Caddie, 1-1º C. Lasarte/Oria. 20160. Gipuzkoa. Euskadi. Tel. (34)943 371 518 | Fax. (34)943 372 003