Saltatu arakatzailea

Argitalpenak

Leku sinbolikoen gidaliburua (2)

Egileak:

  • A.Agirre Sorondo,
  • J.Agirre Sorondo,
  • E.Ayerbe Echebarria

Euskeran ere aukera duzu: Guía de lugares simbólicos

Deskatalogatua

Publikazio hau azpiko bildumaren tomo bat da:

Hitzaurrea

Geografia sentimentala

Asko dira gure herrialdeari buruzko informazio tekniko eta zientifikoa ematen dizkiguten geografia liburuak, eta asko dira lekurik ederrenetara, atseginenetara edo garrantzitsuenetara iristeko aukerak eskaintzen dizkigutenak. Baina ez lehenengoek ez bigarrenek dute helburu sistematikotzat leku horien garrantzia, begirunea, mirespena, onespena, erlijiozkotasuna, oroitzapena, nostalgia, poetikotasuna, ikusmina, eta abar zertan den azaltzea, hots, jakin-min horren quid-a ematea, gakoa alegia. “Leku sinbolikoen gida” honekin, hain zuzen, asmo hori bete nahi dugu, eta aldi berean, sentimenduzko geografia bat eskaini: gure adimenaren barne ibilbideetan zehar abiatzeko, gure kulturaren santutegietara nola iritsi ikusteko, xarmaz jantzitako paisaietan barrena ibiltzeko, jende saldoak erakartzen dituzten lekuak ezagutzeko, energia positiboak biltzen diren guneak ikusteko, bakoitzaren energia onenak pizten diren lekuetara bidaiatzeko, adimenak gainezka egiten duen lekuetara joateko, berriro itzuli nahi izaten dugun lekuak ezagutzeko, geure buruarekin elkartzen garen lekuetara joateko, guztion sentimenduak zirrara bizian jartzen direnetara bisita egiteko; horixe guztia da eskaini nahi dizuguna gida-liburu honetan.

Ez da gida konbentzionala

Esan dezakegu esku artean duzun liburua turismo liburua dela, baina ez da ohiko gida-liburua eta turismoa aipatzen dugunean ez diogu hitz horri ohiko esanahia ematen. Honetan eskaintzen ditugun proposamen asko, berriak gertatuko zaizkizu, harrigarriak gertatzen ez bazaizkizu. Aurkikuntzarako konbidapenak dira. Badira, hala ere, liburu honetan, leku asko zuk jada ezagutuko dituzunak, eta ziurrenik izango duzu horiei buruzko informazioa. Kasu horietan gure konbidapena berriro bertaratzekoa da, berriro ikustera joatekoa, gauzak beste era batera sentitu ahal izateko.

Itzulerako turismoa. Gida honek berriro jada ezagutzen ditugun lekuetara itzultzeko esaten digu, fisikoki zein izpiritualki. Berriro itzultzeko gida da, beraz. Berriro itzultzeko eskatzen diguna oinez zein autoz, hegazkinez nahiz oroimenez.

Itzultzea, oroimenez bada ere; adimenarentzako turismoa egitea proposatzen digu liburu honek, jada ezagutzen dugunera edo bizi izan dugunera atzera begiratzea eskatzen digu; eta denboraren behategian eserita eta liburu hau eskuan duzula, izandako une haien kontakizuna eraiki dezazun zeure barne-muinetan, zeure adimenean berridatz dezazun, orduan bizi izan zenuena, agian ezdeusa, zeureago eta kutunago eginez; bada, horiek berriz bizi eta horrekin literatura egin dezazun, zeure poesia egin dezazun zeuretzat. Oroimenean ahantzian ditugun ibilbideetan zeharko turismoa, lehendik ikusitakoa argituz, askotan itzalita ditugun argiak piztuz. Gida honek horixe piztu nahi dizu.

Norbere geografiara turismoa egiten. Hemen proposatzen dizkizugunaz leku batzuetara lehenbizikoz joateko aukera izango duzu; leku horien informazio gehiago jaso ahal izango duzu geroz eta ugariago diren edozein turismo bulegotan. Guk proposatzen dizuguna zera da, egiten duzun edozein bidaia zabalagoa izatea; ikusten dituzun lekuak zeure barruko geografiara gehitzea proposatzen dizugu, hots, gertakizun handiak zein txikiak bizi izan dituzun lekuak gordetzen dituzun zeure atlas pertsonalera joatea.

Ikonoak, ikurrak eta lemak

Ikurretaz hitz egitea topikoetaz hitz egitea da hein batean; ikurrak guztion ahotan darabilzkigu: hemengo irudia, hango lekua edo paisaia, eta abar; azkenean, ibiliaren ibiliz edo ikusiaren ikusiz, edota sarritan ikusten, aipatzen edo fotografiatzearen indarrez, ikurraren adierazpena “postal” bihurtzen da.

Ikonoa sinbolikoa den zerbait adierazten duen irudia da. Eta sinbolo hori edo ikono hori mundu guztiak ezagutzen duenean, guztion oroimenean finkatzen denean eta irudi hori fintzen, soiltzen eta estereotipatzen denean, bada orduan, ikono hori eta bera ordezkatzen duen sinboloa ikur bihurtzen da. Eta, gainera, ikur hori hitz bihur daiteke eta esaldi batean txerta, adierazpen batean, hau da, lema bilaka daiteke.

Leku sinbolikoak

“Leku sinbolikoen gida” izenburuak badirudi herrialdeko leku sinboliko guztien gida-liburua izan behar duela. Baina “Zenbait leku sinbolikoren gida” edo holako zerbait aukeratzeak ere ekarriko zigun zenbait arazo, gizonak ukitzen, izendatzen edo bere adimenean gordetzen duen orok ere baduelako dimentsio sinboliko bat. Sinboloa, nola edo hala bera ez den beste zerbait adierazten duen oro da. Eta sinbolikoa da gauzen dimentsio fisiko gordinaz haraindi dagoen guztia. Dena, edozer, izan daiteke sinbolikoa, baina mailak eta mailak daude. Hortaz, gure liburu honetan, indarrik eta zabalpenik handienaz sinbolikotzat jotzen dena baino ez dugu jaso.

Zenbait kasutan, geografia guztia hartzeko irizpidean oinarritu gara eta herrialde guztian zehar hedaturik dauden ikono, sinbolo eta ikurrak eta leku sinbolikoak jaso nahi izan ditugu. Hori dela eta, batzuetan, gutxien ezagutzen diren lekuen alderdi sinbolikoak bilatu nahi izan ditugu: izaera sozial edo poetikora agertzeko deiaren zain dauden sinboloen ikono bilakatzeko gai diren paisaia edo irudiak non aurkitu ibili gara.

Euskalerría enblematikoa. Leku sinbolikoen gida kulturaren geografia da eta bere eskutik Euskalerria ezagutzeko parada izango dugu, hemengo paisaian, hango monumentuan eta adierazgarritasun edo sinbolismorik handiena duen lekuan geldialditxoak eginez; ikono, ikur eta lema bihurtu diren arkitektura, irudi eta gauzak ezagutuko ditugu; azken finean, gure lurraz amesten dugunean irudimenean agertzen zaizkigunak.

itzuli gora

Etor-Ostoa |Plaza del Caddie, 1-1º C. Lasarte/Oria. 20160. Gipuzkoa. Euskadi. Tel. (34)943 371 518 | Fax. (34)943 372 003